2013-03-15

Hondakinen bilketa ereduak aztertuz

Atez Ateko hondakinen bilketa eredua hedatzen doan neurrian, eta Bilduk EAJ Gipuzkoako Aldundian ordezkatu zuenetik, errauskailuaren aldeko iritzi taldeak sortutako eztabaida maltzur bezain negargarri batean murgilduta gaude. Higaduraren politika argi baten zutabe nagusienean bihurtu dute hondakinen gaia, eztabaida interesatu baten bidez, interes zehatz batzuen alde eta politika zehatz baten aurka arituz. Baina batez ere, EH Bildu higatzeko erabiltzen ari dira gai hau. Ez naiz aditua, ezta zientzialaria ere, soilik zaborraren eztabaida antzu honek kezkatzen duen herritar bat gehiago naiz. Orain arteko zabor bilketa eredua, eta atez atekoa, norbanako xume batek dituen baliabideekin  aztertzea erabaki dut.

Orain arteko bilketa ereduaren jatorrian, nik ezagutu dudan artekoa behintzat, zabor poltsak, puntu zehatzetan, bilketa igaro baino ordu pare bat lehenago, lurrean pilatuta uzten ziren. Ondoren puntu hauetan edo hauen inguruan edukiontziak jarri zituzten. Edukiontziekin, birziklapenerako edukiontziak etorri ziren. Ondoren edukiontziak lurperatu zituzten, arazoa begi bistatik kenduz, baina arazoari aurre egin gabe. Edukiontziek zaborra lurrean uztearekiko aldaketa bat ekarri zuten, zaborra egunaren edozein ordutan botatzea, nola edukiontzian ez den ikusten… Eredu honetan, zaborra botatzea libre da eta birziklatzea boluntarioa. Goizeko lehen orduetatik, auzotar batek goizeko 5:30etan botatzen du egunero, zaborraren edukiontzia betetzen. Zabor hori, egun osoan, bildu arte hor dago, ez da ikusten baina kiratsa usaintzen da. Hau, estetikoagoak direlako jarri zizkiguten lurpeko edukiontziekin gertatzen da ere, eta hauekin gainera, sortzen dugun zaborraren benetako ikuspegia ezkutatzen da. Eredu honetan gainera, edukiontzien ratioa  3-1ekoa oso kezkagarria da, hiru edukiontzi berde, zaborra biltzeko eta gai birziklagarri bakoitzeko bakar bat. Eredu honek zaborra modu librean sortzea ahalbidetzen du eta birziklatzea modu boluntario batean egitea bultzatzen du. Zabor gehiago sortzeko baliabideak eskaintzen ditu. Herritarren utzikeria eta borondatezkoen konpromisoa ahalbidetzen ditu. Edukiontzien sistema erosoagoa da, nahi duzunean eta nahi baduzu, bai, baina, hondakinekin sortu dugun arazoan erosotasunak zerikusi handia izan du.

Atez Ateko ereduan, hondakinak gaika biltzeak, guztioi birziklatzea behartzen gaitu eta ez du zaborra libreki sortzea ahalbidetzen. Bilketa eredu honen bidez, zaborraren sorkuntzaren atal batean zuzenean eragiten da. Ondorioz, hondakin erabilgarri gehiago eta zabor askoz ere gutxiago sortzen da. Herritarren konpromisoa beharrezkoa da, eta konpromiso hau guztiz ahalbidetzen du. Lanpostu berriak sortuko lituzke, bilketan, trataeran.

Bi ereduak alderatuz, argi dago atez atekoa hondakinen bilketa eredu egokiagoa eta hobea dela, birziklatzera behartzen baikaitu. Ezin dugu, edukiontzi berdean, poltsan hondakin guztiak nahastuz zabor gehiago sortu. Horregatik, oso bitxia egiten zait, errauskailuaren aldekoek, edukiontzien ereduaren alde egiten jarraitzea, atez atekoa gogotsu astintzen duten bitartean. Eta are bitxiagoa, horretarako zaborra libreki sortzearen aldeko hauek, Gipuzkoan zaborretan itota gaudenaren mamua eta horrelakoak zabaltzea. Argi dago ez dutela zaborra sortzearen aurka eragin nahi, errauskailua, behin eraiki ondoren, elikatu beharra dagoelako. Errauskailuaren defentsan atez atekoa horrela erasotzeak kezka bat sortzen dit, nolako eta zein interes dituzue, eraginkorragoa dena ukatu eta gehiago eragingo digun errauskailua babesteko? Zabor gutxiago sortzea behintzat ez.

Zaborraren arazori aurre egiteko, hondakinen bilketa ereduek hauts asko harrotu dute, baina, zaborraren auzian ez da aldagai bakarra. Hainbeste bilgarri, paketatze, itzuli behar ez diren ontziak… Gauza bat egiteko hamaika hondakin sortzen gabiltza, ez al gara ohartzen orain dela 40 urte, plastikozko ontziak iritsi arte, gauzak ez zirela horrela?

 

Etiquetas: , , , , , , , , , , , ,

0 comentarios:

Publicar un comentario

Suscribirse a Enviar comentarios [Atom]

<< Inicio