Atez
Ateko hondakinen bilketa eredua hedatzen doan neurrian, eta Bilduk EAJ
Gipuzkoako Aldundian ordezkatu zuenetik, errauskailuaren aldeko iritzi
taldeak sortutako eztabaida maltzur bezain negargarri batean murgilduta
gaude. Higaduraren politika argi baten zutabe nagusienean bihurtu dute
hondakinen gaia, eztabaida interesatu baten bidez, interes zehatz
batzuen alde eta politika zehatz baten aurka arituz. Baina batez ere, EH
Bildu higatzeko erabiltzen ari dira gai hau. Ez naiz aditua, ezta
zientzialaria ere, soilik zaborraren eztabaida antzu honek kezkatzen
duen herritar bat gehiago naiz. Orain arteko zabor bilketa eredua, eta
atez atekoa, norbanako xume batek dituen baliabideekin aztertzea
erabaki dut.
Orain arteko bilketa ereduaren jatorrian,
nik ezagutu dudan artekoa behintzat, zabor poltsak, puntu zehatzetan,
bilketa igaro baino ordu pare bat lehenago, lurrean pilatuta uzten
ziren. Ondoren puntu hauetan edo hauen inguruan edukiontziak jarri
zituzten. Edukiontziekin, birziklapenerako edukiontziak etorri ziren.
Ondoren edukiontziak lurperatu zituzten, arazoa begi bistatik kenduz,
baina arazoari aurre egin gabe. Edukiontziek zaborra lurrean uztearekiko
aldaketa bat ekarri zuten, zaborra egunaren edozein ordutan botatzea,
nola edukiontzian ez den ikusten… Eredu honetan, zaborra botatzea libre
da eta birziklatzea boluntarioa. Goizeko lehen orduetatik, auzotar batek
goizeko 5:30etan botatzen du egunero, zaborraren edukiontzia betetzen.
Zabor hori, egun osoan, bildu arte hor dago, ez da ikusten baina kiratsa
usaintzen da. Hau, estetikoagoak direlako jarri zizkiguten lurpeko
edukiontziekin gertatzen da ere, eta hauekin gainera, sortzen dugun
zaborraren benetako ikuspegia ezkutatzen da. Eredu honetan gainera,
edukiontzien ratioa 3-1ekoa oso kezkagarria da, hiru edukiontzi berde,
zaborra biltzeko eta gai birziklagarri bakoitzeko bakar bat. Eredu honek
zaborra modu librean sortzea ahalbidetzen du eta birziklatzea modu
boluntario batean egitea bultzatzen du. Zabor gehiago sortzeko
baliabideak eskaintzen ditu. Herritarren utzikeria eta borondatezkoen
konpromisoa ahalbidetzen ditu. Edukiontzien sistema erosoagoa da, nahi
duzunean eta nahi baduzu, bai, baina, hondakinekin sortu dugun arazoan
erosotasunak zerikusi handia izan du.
Atez Ateko
ereduan, hondakinak gaika biltzeak, guztioi birziklatzea behartzen gaitu
eta ez du zaborra libreki sortzea ahalbidetzen. Bilketa eredu honen
bidez, zaborraren sorkuntzaren atal batean zuzenean eragiten da.
Ondorioz, hondakin erabilgarri gehiago eta zabor askoz ere gutxiago
sortzen da. Herritarren konpromisoa beharrezkoa da, eta konpromiso hau
guztiz ahalbidetzen du. Lanpostu berriak sortuko lituzke, bilketan,
trataeran.
Bi ereduak alderatuz, argi dago atez atekoa
hondakinen bilketa eredu egokiagoa eta hobea dela, birziklatzera
behartzen baikaitu. Ezin dugu, edukiontzi berdean, poltsan hondakin
guztiak nahastuz zabor gehiago sortu. Horregatik, oso bitxia egiten
zait, errauskailuaren aldekoek, edukiontzien ereduaren alde egiten
jarraitzea, atez atekoa gogotsu astintzen duten bitartean. Eta are
bitxiagoa, horretarako zaborra libreki sortzearen aldeko hauek,
Gipuzkoan zaborretan itota gaudenaren mamua eta horrelakoak zabaltzea.
Argi dago ez dutela zaborra sortzearen aurka eragin nahi, errauskailua,
behin eraiki ondoren, elikatu beharra dagoelako. Errauskailuaren
defentsan atez atekoa horrela erasotzeak kezka bat sortzen dit, nolako
eta zein interes dituzue, eraginkorragoa dena ukatu eta gehiago eragingo
digun errauskailua babesteko? Zabor gutxiago sortzea behintzat ez.
Zaborraren
arazori aurre egiteko, hondakinen bilketa ereduek hauts asko harrotu
dute, baina, zaborraren auzian ez da aldagai bakarra. Hainbeste bilgarri, paketatze, itzuli behar ez diren ontziak… Gauza bat egiteko
hamaika hondakin sortzen gabiltza, ez al gara ohartzen orain dela 40
urte, plastikozko ontziak iritsi arte, gauzak ez zirela horrela?