2009-02-24

Apartheid politikoaren gezur mediatikoak

Ilegalizazioen auzia, atxiloketen edo, polizia operazioen bidez, egunerokotasunera gordintasun osoarekin agertzen zaigunean, komunikabide guztietan lelo nagusi bat (idea fuerza) hedatzen dute, auzia Ezker Abertzalearen esku dago. Bai, estatuak bere esku dituenak eta ez dituenak, Ezker abertzalea instituzioetatik kanpo uzteko ahaleginetan erabili dituenean, orain, Ezker Abertzalearen esku dago hauteskundeetan egotea, eta kanpoan geratzea bere ardura da, alegia, bere esku dituenak eta ez dituenak erabilita ere , Estatuaren nahietara makurtzen ez bada, alperrikako ahaleginak egingo ditu. Ezker abertzalearen ardura, zerrenda "kutxatuak" ez aurkeztea, zerrenda "txuriak" aurkeztea, ETA "infernura" kondenatzea… da. Instituzioetatik Ezker Abertzalea kanporatzeko neurrira ezarritako baldintza hauek ez betetzeak, hauteskunde lehiatik, instituzioetatik, instituzioetako joku politikotik kanpora gelditzea suposatzen du, bazterketa politikoa, apartheid politikoa. Oso argi daukate, ardura Ezker abertzalearena da, eta jadanik, aurkeztu nahi izate hutsagatik D3Mko 8 kide espetxeratu dituzte. Mezua argi dago, Ezker Abertzalea egoeraren arduraduna denez, arduradunak espetxera…



Denboran atzera egin ezkero eta Ezker Abertzalearen ibilbideari so eginaz, egungo komunikabideetan ibilbide honi buruz aritzerakoan, tertuliazale edo "expertoek" esaten dutena ikus-entzutean, bizi dugun egoera justifikatzeko Ezker Abertzalearen ibilbide politikoaren karikatura patetiko bat egiten dutela ikustea bitxia da. Bitxia, Ezker Abertzaleak Madrilgo Kongresuan aurkezteari, ez omen zaiolako politikoki interesatzen, uko egiten diola diotenean. Ezker Abertzaleak instituzioetan egin duen ibilbidea, oso modu laburrean, nik ezagutzen dudan bezela, azalduko dut. Lehenik, Ezker Abertzaleak Herri Batasuna, Euskal Herritarrok, Batasuna, EHAK, ASB, EAE/ANV, D3M, Askatasuna eta hautesle plataforma guztiak, instituzioetan politika egiteko sortu zituela azpimarratzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Borroka politikorako, herri borrokarako, baina batez ere, instituzioetan borrokatzeko. Ezker Abertzalea ez da sistemaren aurkako mugimendu bat, inoiz ez da izan. Ezker Abertzaleak, beti, bere jardunerako legedi Española bete behar izan du, joko arauetara moldatu behar izan da, nahiz eta beti jakin duen legearen zirrikituetaz baliatzen.


Herri Batasuna, Udaletxeean egon da, Aldundietan, Gasteiz eta Iruñeako Legebiltzarretan, Españako Kongresuan eta Senatuan, eta baita Europar Legebiltzarrean ere. Udaletxe eta Aldundietan presentzia handia bazuen, Gasteizko Legebiltzarra denbora luze batez ez zuen aintzakotzat hartu, nahiz eta HBren azken urteetan egoera hori guztiz aldatu zen. Madrilgo Kongresura, kredentzialak hartzera joaten ziren, oraindik konstituzioari "por imperativo legal" zin egiten oroitzen ditut, edo Jon Idigoras gorbataz erregeari gutun bat ematen. Azkeneko aldiz HB Madrilgo Korteetara aurkeztu zenekoa, ez dut inoiz ahaztuko, ezin dut. HBko diputatu eta senatariak, beraien diputatu agiriak jasotzera Madrila joan ziren, mezu garbi batekin, Madrilgo Korteetan Euskal Herriaren askatasunaren aldeko lan politikoa egiteko asmoa zutela adierazi zuten, Kongresuan eta Senatuan Ezker Abertzalearen presentzia izango zela. Alcala hotelean afaltzen ari zirela, estatu terrorismoaren eragileek tirokatu egin zituzten, ondorioz Josu Muguruza eraila izan zen, Iñaki esnaola berriz, lau balaz, oso larriki zauriturik izan zen.


Ezker Abertzaleak mezu hori, alegia, ez zaituztegu hemen nahi garbi jaso zuen. Ordutik ez da Madrilgo Korteetara gehiagotan aurkeztu. Bere ibilbide politikoan, eraso asko eta gorabehera asko izan baditu ere, HBk legeak, joko arauak betetzen jarraitzen zuen. PP jokuan sartu zenean, Alternatiba Demokratikoa, ETAren bake proposamenaren bideoa, hauteskunde kanpainan zabaltzeagatik, HBren Mahai Nazional osoa espetxeratu zuten. Baina HBk, joko arauen baitan, politika egiten jarraitzen zuen, borrokan, plangintzan, kudeaketan, eta Mahai Nazional berria sortu zen. Ondoren, ilegalizazioen lehen zurrumurruak giroan zirela, HB EH bihurtu zen, Lizarra-Garaziren garaiak ziren. Ondoren, EH, Batasuna prozesuak ordezkatu zuen, Batasunak, Ezker Abertzalearen instituzio politikarako egitura Euskal Herri osora hedatu zelarik. Hemendik aurrera, irailak 11k sortu zuen uhin totalitarioaren bultzadarekin eta Psoe-PPk sinatutako Terrorismoaren Aurkako Itunaren babespean, alderdien legea asmatzen dute. ordurarte erlijiosoki joko arauak halabeharrez bete dituen Ezker abertzalea jokoz kanpo uzteko helburuarekin, joko arauak heuren interesen arabera aldatu dituzte. Alegia, Ezker Abertzaleak bete ezin duen araua asmatzen dute, ditxosozko botere banaketa prestidigitaziozko esperpento bihurtuz. Hemendik aurrera, Ezker Abertzaleak egin dituen ahaleginak ustelak izan dira, 2006ko su etenean ASB alderdia estatuko tresneriak bere sorrera unean zapuztu zuenean ere.


Eta ez du etenik, beraz norbaitek ez badu ulertzen eskubideen ukatze hau agerian uztea zein garrantzitsua den, ulergarri da Ezker Abertzaleari "zerrenda txuriak" aurkezteko eskatzea. Baina, eskubide politikoen zapalkuntza hau, "zerrenda txuriak" aurkezten badira, ez du inork ikusten, eta nork salatuko du? Apartheid bigun horretara mugatuko zen guztia. "Zerrenda kutsatuetan" aurkeztu diren guztien ekarpena eta militantzia aipatu beharrekoak dira, egoera honen gordintasuna agerian uzteagatik espetxeratuak izaten ari direnean. Baina ez dituzte banku bat lapurtzen harrapatu, inor hiltzen, bahitzen edo jipoitzen, politika egiten harrapatu dituzte, legearen joko arauen baldintzapean hauteskunde plataforma bat eratzeagatik. D3Mren alde sinatu dugun guztiak, notaritza edo Udaletxe batean egin dugun bezalaxe, ez diskoteka batean.




DiggIt! Zabaldu

Etiquetas: , , , , , , , , , ,

0 comentarios:

Publicar un comentario

Suscribirse a Enviar comentarios [Atom]

<< Inicio