2008-10-28

ATXILOKETA PREBENTIBOAK: Eskubiderik gabeko eskubide estatuan



Garai ilunetan, kontzeptuak iluntzea ezinbestekoa da herritarren pentsamoldea ilunpean edukitzeko. Gaur Nafarroan, ETAren komando bat osatzearen akusaziopean, beste lau gizalagun atxilotu dituzte. Rubalcaba, barne ministrariak, prentsaurrean prestidigitadore baten gisan agertu denean, atxiloketari buruzko xehetasunak ematerakoan, operazio prebentiboa izan dela esan du, lau atxilotuek oraindik eratu gabeko ETAren komando bat osatzen zutela. Arma pare bat eta lehergailuak egiteko gaiak, eta abarrekoak aurkitu dizkietela, ekintzarako prest zeudela baina ekin aurretik atzematea lortu dutela.


Hasieran kontzeptuak iluntzen saiatzen ari direla aipatu dut, eta horretaz ari nintzen. Prebentzioa ez da inori oraindik egin ez duen zerbait egin nahi izatea leporatzea, prebentzioa, inork horrelako ezer egin behar ez izatea da. Prebentzioa, arazoa errotik konpontzea da, prebentzioa ez da arazoa usteltzen utzi eta sintomak ez gertatzeko ahalegin guztiak egitea. Prebentzioa, gaixotu aurretik egin behar da, behin gaixotasunak hartuta egonda, lehenik osatu egin behar da, arazoa konpondu; eta orduan bai, orduan prebentzioari ekin, eta arazoak ez sortzeko baldintza berri eta prebentiboak eratu. Ezinezkoa da, AEB, Naziek, eta beste askok egin bezala, beste herri baten ustezko mehatxua dela eta herri horren aurkako eraso militar eta guda prebentiboak egitea. Prebentzioa, arazo horiek sahiesteko beharrezko begirunezko politikak gauzatzea litzateke. Ezinezkoa da, halere, egin ez duzun delitu bat egin nahi izatea uste izateagatik, epaitua eta zigortua izatea, ezinezkoa da justizia prebentiboa egitea. Prebentzioa, orainarteko gizarte eredu faltsu eta ustelak alde batera utzi, arazoen iturri baitira, eta berdintasunean bizi den gizarte aske eta partehartzailea eratzea da.

Beldurra ematen du, nahi dutenerako, egiten duten prebentzio kontzeptuaren erabilpen maltzur eta okerra ikustea. Beldurra, nola lotsa izpirik gabe, gure muturren aurrean gauza hauek botatzen dituzten ikusi, eta egoerara nola ohitutzen ari garen ikusteak. Nola insensibilizatzen ari zaizkigun ohartzean dar-dar egiten dut. Beldurra, gure muturren aurrean lapurtzen ari zaizkigula ikusten dugunean, gure aurpegira lapurtzen aritu zaizkigula, lapurtzen ari zaizkigula, lapurtuko digutela esaten ari zaizkigunean, izua sentitzen dut.

Prebentzioa, arazoak gertatu aurretik, ez gertatzeko neurriak hartzeari esaten zaio; ez arazoak dituzunean, arazo hoietatik eratorritako gauzatu gabeko arazoei aurre egiteari. Tortura sahiesteko neurri prebentiboak hartu ordez, justiziaren joku arauak gaindituz, "Terrorismoaren aurkako borrokan" helburuak lortzeko prebentzioa erabiltzen dute. Ez sendatzeko, gaixorik jarraitzeko. Hauxe da Munduko Ordena Berriaren sasifilosofia, sendatu ordez, amaierarik gabeko gaixotasunaren paradisua.

DiggIt! Zabaldu

Etiquetas: , , , , , , , , , ,

0 comentarios:

Publicar un comentario

Suscribirse a Enviar comentarios [Atom]

<< Inicio