El Proyecto Matriz taldeak, dokumental interesgarria sareratu du. Bertan, 2001eko irailak 11ko bertsio ofizialaren gezurrak agerian jartzeaz gain, egungo AEBetako presidentea den Obamaren itxurakeria salatu eta bere benetako izaera isladatzen dute, egungo egoera. Munduan gertatzen ari diren hainbat gatazkatan ere bere arreta jartzen dutelarik, Venezuelako errealitateari buruz eskeintzen duten informazioa bereziki interesgarria da. Bideoak, halaber, pelikula, dokumental eta liburuen gomendio interesgarriak egiten ditu. Ikusi ez baduzu, ikusi gabe utzi ezin duzun dokumentala prestatu digute El Proyecto Matriz taldekoek. Osasuna urte askoan!
OBAMAREN LEHEN TRUKOA, GUANTANAMO ITXIKO DU: Beste espetxe sekretuei buruz ixildu delarik
Aurrez idatzitako artikuluan aipatu nuen bezala, Espejismo garaian gaude, Obamak aurrez prestaturiko prestidigitadore truko batzuek egingo dituen garaian. Dagoeneko presidente karguari zin egin dio, kargua hartu du eta Etxe Xurian ostatu hartu du. Dagoeneko, komunikabide gehienek, batez ere ofizialak eta ofizialistak, Obamaren mirariaz mintzo zaizkigu eta ekarriko duen ongizatea goraipatuz dabiltza. Gaurkoan, bere lehen prestidigitadore trukoa egin du, atzo kargua hartzerakoan eta hauteskunde kanpainan zehar esandakoari jarraiki, Guantanamon burutzekoak ziren epaiketa militar guztiak, lau hilabeteren epean eteteko agindu du. Komunikabide guztiak berri hau zabaltzeaz enpatxatu egin dira, eta berriaren tiroia aprobetxatuz, ETBk adibidez, titularretan Gazako arazoa konpontzeko ere urratsak eman dituela esan du.
Ondorioa, eta komunikabideek hedatu duten mezua, Obamak kargua hartu ondorengo lehen erabakiak, aurrez Bushek utzitako arazoak konponbidean jartzea izan da, gainera tropak Iraketik ateratzen hasteko egutegia antolatzen dabilela eta abar. Alegia, munduko herritarrentzako baikortasun txute bat, baikortasun horrek sortzen duen lasaitasunak, gure arreta erakutsi nahi diguten mirari horretan jartzera gonbidatzen gaitu, eta lasaitasun horretan, soilik erakutsi nahi diguten hori ikustera mugatu gaitezke.
Bai, Obamak Guantanamo ixteko lehen urratsa eman du, baina munduan zehar barreiaturik dituzten legez kanpoko espetxeez eta hauen desagertzeaz ez du ezer esan. Itsasoan, nazioarteko uretan dauzkaten legezkanpoko itsasontzi-espetxeez beste hainbeste esan du, ezer. Guantanamo, 2001ean abiatu zuten, Afganistaneko erasoan preso hartzen zituztenak zigortzeko, 2009an ez dakigu AEBek sekretuan eta legezkanpo hedatu duen sasiko espetxe sare hau norainokoa den, baina orain gutxi arte, espetxe hoietara presoak garraitzen zituzten CIAren hegaldi sekretuek zeresan handia eman zuten munduan. Obamak, hauei buruz ere, ez du deus esan.
Gazako arazoa konponbidean jartzeko, ekialde hurbileko agintari guztiekin mintzatu omen da, Hamasekin izan ezik. Israelen interlokuzioa onartzen du eta Palestinakoa zatitu, soilik Bushen lagun den Mahmud Abbasen Palestinar buruzagitza onartzen du, Hamasena baztertzen duen bitartean. Horrelako hasierarekin, ez du arazoa konponbidean jarriko duen inongo itxurarik, bestelakoan ez lukelako gatazkaren alde bat baztertuko, Hamasekin egin bezala.
Sionistak palestinar herritarren aurka nazioarteko legediaren arabera debekatuak dauden armak erabiltzen ari dira, fosforo xuriko bonbak artean. Lehen argazkikoak bonba hauen eztandak dira, bigarrena gizakiengan eragiten dituen zaurien eta ondorioen adibide bat.
Ondoren, Palestina eta Gazaren egoerari buruz, hainbat irudigileren ikuspegia. Oso adierazgarria, benetan interesgarria.
Sionisten gehiegikeriak ez du etenik, gainera nazioartearen babesa dute, agintariena behintzat. Guda kriminal hauek, orain 60 urte beraien estatua ezarri zutenetik, bere inguruan etsaiak besterik ez ditu sortu, ez da integratzeko gai izan, ingurukoak beldurtu, menperatu edo suntsitu egin ditu.
Egia bada, Bibliak omen dioen bezala, Israel jaungoikoak hautatutako herria dela, zertarako hautatu zuen argi dagoela uste dut, ingurukoak suntsitzeko hautatu zituen, ez dago besterik. Gazako herritarren minaren bihotzminez. Besarkada bat. Allauh akbar! Eutsi!
ARAZOA ISRAEL DA, EZ HAMAS: Sionistak gizateriaren aurkako kriminalak dira
Nazkaturik nago, egun batean bai eta bestean ere komunikabideetatik hedatzen ari diren irudi faltsuarekin, eta komunikabide hauen hipokrisia eta ustelkeriarekin. Israelek Gazaren aurkako eraso basatia abiatu orduko, guztiak Hamasen aurkako propaganda kanpainan ari ziren, hauek Israelera jaurtitzen dituzten misiltxoen aitzakian. Behin eraso militarra abiatuta, farsa krudel hau areagotuz, sionisten erasoa eta palestinarren erantzuna parekatu dituzte. Inongo lotsarik gabe, al-qasam misiltxoek utzitako zulotxoak muturren aurrean jarri dizkigute, beraien lehergailu izugarrien eragina soilik urrutitik erakusten diguten bitartean. Lehenengoak, 1,5m inguruko zulotxoa uzten duen bitartean, bigarrenak etxeak lehertzen dituzte eta hamar aldiz zulo handiagoa uzten dute, baina komunikabideen parekatze ustel eta faltsu horretan biak parekatzen dituzte.
Israelek, Hamasek misilak jaurti eta su etena eten ondoren, bere burua defenditzeko eraso omen du Gaza. Baina su etena hautsi zuena, Israel izan zen, AEBetako hauteskunde egunean, eta Hamasen erasoa eta su etenaren uztea israeldarrek Gazan buruturiko eraso bati erantzunez izan zen. Gainera, Israelek ez du aitzakirik behar Palestina eta palestinarrak erasotzeko, bere asmoa Palestina ez garatzea baita, aurrera egiteko bideak suntsitzea. Israelek Palestinarekiko higaduraren politika basati bat darabil, palestinarren ugaltzea, garatzea, lurraldetasuna, osasuna, itxaropena… beraientzako onargarriak diren mugetaraino higatzen dutelarik. Ez dago eskubiderik!
Guzti hau, nazioarteko komunitatearen babespean gertatzeak, lotsagarria dena nazkagarri bihurtzen du. Munduko guda kriminalak eta gizateriaren aurkako krimenak burutu dituztenak epaitu eta zigortzeko epaitegi bat dagoela sinestarazi digute, Hagakoa hain zuzen. Baina, azken 50 urteetan, palestinarren aurka guda krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak burutzen dabiltzan eraile hauek, ez dute nazioarteko epaitegien beldurrik. Ez ditugu inoiz sionista kriminal hauek epaitegian, Milosevic, Karadzic eta beste batzuek ikusi ditugun bezala ikusiko. Beraz, epaitegi horiek, gezurra dira, propaganda. ISRAEL ESTATU KRIMINALA DA!!
Azkenik, komunikabideen manipulazio merkearen adibide batekin amaitu nahi dut. Egunero, irrati eta telebistetan, Hamasekoek misilak bertatik bota dituztelako Israelek eraikin bat suntsitu duela, NBen eskola, hospitalak, unibertsitateak… hilerriak. Guk hori entzun eta ez badugu erreakzionatzen, programatuak gaudenaren adierazgarri da, burmuina garbitu digutela, alegia. Nola erreakzionatu? Arreta ipiniz, informazio hau zalantzan jarriz, irudimena erabili eta pentsatuz, beste ondorio batzuetara iritsiko gara, premeditaziora. Inoiz ikusi badituzue, al-qasam misilak, jaurtigailu mugikor batzuekin jaurtitzen dituzte, alegia, misilak jaurti eta ihes egin, jo eta ke! Beraz, misilak bertatik jaurti dituztela, ez da argudioa jaurtigailuak mugikorrak direnean, ez da argudioa, Israelek erantzuten duenerako (Israelgo armadaren erantzun denbora Hamasekoek ederki kalkulatua izango baitute), misilak, jaurtitzaileak eta milizianoak beste leku batean daudelako. Argudio gisa jantzi diguten aitzaki merke honen atzean, lehen esandako premeditazioa agertzeaz gain, errepresalia logika huts bat dago, mendeku eta prepotentziaz betea, Alemania naziaren garai ilunenean SSkoek burutu zituzten hainbat errepresalien parekoak. Ni ondorio honetara iritsi banaiz, iruditzen zait militar sionistak ere azkar batean iritsi zirela ondorio horietara, eta nazioarteko gobernuak, beren kontseilari jakintsuekin ere, nola ez; beraz, gezur handi honen propaganda eta egi estalketan dabiltzan nazioarteko komunikabide ofizial gehiengoak ere jakitun izango dira. Halere, bihar, etzi, gezur berdinarekin jira eta bira arituko zaizkigu, eta errealitate hau ere, benetan guda krimena da eta gizateriaren aurkako krimen.
Ezkutatzen ari zaizkigun krimen honen desproportzionaltasuna eta ankerkeriaren erakusle, http://www.laestrellapalestina.org/ webgunean argitaratutako argazki sorta hau. Benetan tristea, gogorra, hunkigarria…
BIHOTZA ODOL NIGARREZ, GAZATARREN,PALESTINARREN OINAZEA GURE OINAZEA DELAKO!!